lunes, 11 de febrero de 2013

“Así nos va”
Aurreko egunean, bilera batean nengoela, atera zen mahaira azterketak zuzentzeko irizpideak bateratzeko saioak egiteko beharra; denok ados geunden bateratze saio horiek egin beharko liratekeela sarriago; izan ere, alde handia egon liteke epaimahai batetik bestera. Intuitiboki jokatzen dugu, bakoitzak senak agintzen dionari jarraitzen dio, borondate onez, hori bai; beraz, argi dago gutxi gorabehera, denok ahalik eta antzekoen jokatu beharko genukeela, eta horretarako, noizen behin bateratze saioak egitea baino egokiagorik ez genuen ikusten.  
Bilera guztietan bezala, horrelako gaiek, inork espero ez dituenek,  zalaparta piztu zuten, eta han hasi ginen batzuk esaten zer zuzendu behar den, eta zer ez; galdegaia zuzentzea 2.HErako asko da; ba nik, dana marketan dot, baina gero ez dot kontuan hartzen; barkatu, markatzen baduzu, gero begiratzean hori akatsa begitanduko jatzu, eta ez dut uste galdegaia zuzendu behar denik 2. mailan, 3.ean ere ez nuke zuzenduko eta, apaiz aspertu baten asmakizuna dela uste dut eta; ez, galdegaiak garrantzia dauka eta jakin behar da ondo erabiltzen…
Beste batek jarri omen zuen iritzi artikulu baten hasieran “irakurle maiteak”
·         PENKO, batek bota zuen;
·         zuzentzen jartzen zarenean, nondik hasten zara, 10etik ala 5etik?
·         10etik
·         orduan, akats batengatik 6 puntu kendu diozu
·         imajinatu taberna batean kafea eskatu, eta ardoa ateratzen dizutela, ez badaki bereizten, kalera
·         utzi, urteak dira ados jartzen ez garela horretan”

Arratsaldean, txokolatada izan nuen familiarekin, eta bertan udal handi batean trebatzaile dabilen koinatarekin gaiaz hasi ginen berbetan: ea zelan dabilen lan berrian, eta bera pozik dabilela, uste baino pozago, interesgarria deritzola lan berriari, eta asko ikasten dabilela bera langileengandik, aberasgarria, oso, lan berria… baina zailena egiten zaiona,  zer eta,  urteetan hainbat deialditan atzera botatako langileak kausarako berreskuratzea dela. Orduan, nik kontatu nion goizeko bileran gertatutakoa; gaineratu zuen: “así nos va”